ETA erakundearen agiria.
GARA eta EUSKALDUNON EGUNKARIAn agertuta 2001eko urriaren 28a.
ETAREN AGIRIA
«ETA bere indar guztiz ahaleginduko da beste hogei urtez
luzatuko den gatazkarik izan ez dadin»
* Euskal Herriak bizi duen gatazka «nazioarteko legediaren aplikapenez konpondu daiteke» dio ETAk * «Euskal herritarrok ez dugu gerrarik nahi, ez besteren herrien aurkakorik, ez guri egiten digutena»Munduan gerra ahotsak entzuten direlarik, azkenaldion nazioartean bizi diren pasarte nagusiak aztertu ditu Euskadi Ta Askatasunak egunkari honi igorritako bere azken agirian. Paris eta Madrilgo gobernuek EEBBetako lehendakaria den Bushi berehala eskainitako laguntza nabarmendu ondoren, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari begira, gogor salatu du bi gobernuen jarrera erakunde armatuak. Honen harira, eta hemengoa «demokraziaren arau eta nazioarteko legediaren aplikapenez konpondu daitekeen gatazka» dela nabarmendu ondoren, «ETA bere indar guztiz ahaleginduko da beste hogei urtez luzatuko den gatazkarik izan ez dadin» irakur daiteke agirian. Euskal Herrira bakea ekartzea «Euskal Herria askatzea» da ezker abertzalearen zeregina, gaineratu duenez.
GARA | DONOSTIA
Euskadi Ta Askatasunak gogoeta luzea egin du GARA egunkariari bidalitako azken agirian, nazioarte mailan izandako azken gertaerei eta batez ere EEBBek jasandako bi erasoen ondoren mundu zabalean entzuten ari diren «gerra hotsei» buruz.
Hauxe dio erakunde armatuaren agiriak hitzez hitz:
«Munduan gerra hotsak entzuten diren garaiotan Euskal Herriko gure txokoan ere badugu urte eta are hamarkada luzez irauten duen gatazka. Demokraziaren arau eta nazioarteko legediaren aplikapenez konpon daitekeen gatazka da, euskal herritarrei beren erabakitzeko eskubidea ezagutuz eta bermatuz. Eta hala ere, Espainia eta Frantzia boteretsuek nahiago dute beren zilegitasunik gabeko agintealdi antidemokratikoa mantendu, polizia, guardia zibil, jendarme eta armaden indarrez. Beren lege nagusiek horrelaxe diote: beren herrien kide gara, guk nahi ala ez. Euskal Herria, Frantziako Herriaren parte da, diote batzuek. Euskal Herria, Espainiako Herriaren parte da, diote besteek. Eta guk diogu bi gezur horien egiarekin etorriko dela bakea Euskal Herrira, Euskal Herria Euskal Herria dela onartzearekin, nahi duena izaten utziko zaionean, alegia.
Handi eta boteretsuek txiki eta behartsuen aurkako gerra da EEBBak piztu eta gidatzen ari direna. Orain Afganistanen txanda da, lehen Irakena izan zen bezala, eta Panamarena, eta Vietnam, eta hainbat herrirena... Aitzakia oraingoan hango «talibanen» aginte modua da. Aitzakia diogu, hor atzean bestelako interes ekonomiko eta geoestrategikoak daudelako. Euskal Herriak ia berrogei urtez pairatu izan behar zuen Francoren diktadura, eta Euskal Herriari ez zitzaion inor etorri laguntza ematera.
Ez, EEBBek ez zioten PNVri agindutako laguntzarik ekarri ordainean, eta De Gaullek ere ez zuen agindutakoa bete: «Frantziak ez du nehoiz ahantziko euskaldunek bere alde egin duzuena» esan zuen; denboraren iragatearekin guk erantzun beharko genioke: «Euskal Herriak ere ez du nehoiz ahantziko Frantziak bere aurka egin duena: bere haurrideak bereak ez ziren gerretara hiltzera eraman, bere lurrak ustiatu, pobretu, erkideak inmigraziora kondenatu, herriak poliziaz eta jendarmez bete, ''Frantziaren grandeur''-aren izenean gure kultura heriotzara kondenatu.
Lehenago ongi bagenekien ere, harrezkeroztik ez zaigu ahaztu euskal herritarroi gure herria askatzeko ez dugula kanpoko inoren laguntzarik espero behar, guk eginen ez duguna ez duela beste inork eginen gure ordez... Guk askatu behar dugu gure burua.
Orain demokratak omen dira Espainia eta Frantzia, baina euskal herritarron eskubideak berdin dira zanpatuak, hizkuntza eskubidea, hezkuntza eskubidea, gure herria antolatzeko eskubidea ukatzen zaigu, eta etengabe atzerriko legedi arrotzen pean eta mehatxupean gaude. Euskal herritarrok ez dugu gerrarik nahi, ez besteren herrien aurkakorik, ez guri egiten digutena; baina beti defendatuko dugu gure indar eta molde guztiz gure ama lurra.
Gure herria zanpatzen duten Espainia eta Frantziako agintariek azkar asko jo dute Bushen asmoei laguntza ematera. Espainiako agintariak, gainera, «bere etxean» arazo «bera» duela adierazi dio, Euskal Herrian bizi dugun gatazka «terrorismo»arekin parekatuz. Euliak misilekin akabatzen saiatzea da hori. Onkixotekeria, esperpentoa.
Espainiak duen arazoa besteren etxean agintzen aritzearena da. Eta euskal herritarrok bere nahi eta egintzen aurrean, gure herrian berak nahi duen bezala agintzen ez diogula utziko esan diogula, gure herrian guk dugula hitza eta erabakia.
Erraz-erraza da konponketa. Misilik gabe konpon daiteke Espainiak eta Frantziak Euskal Herriarekin duten gatazka: demokratikoki, herriari erabakitzen utziz. ETAk ez du besterik eskatzen. Eta konponketarik ez dagoen bitartean, gure herriari gerra eta zanpaketa ekarri ziotenei, gure herriari beren legeak armaz inposatzen dizkigutenei aurre eginen diegula ere, hori ere, argi esaten dugu.
Baina bakea posible da. Noski baietz. ETAren eskua beti dago luzaturik bake asmoz datorrenarentzat. Gutxi dira horrelako urratsik egiten dutenak. Eta ETAk bere ekimenez aurrerako urratsak egitea proposatu duenetan ere, aginteko besaulki goxoetan daudenek ezetz erantzun dute.
Ezker abertzaleak, tradizio herritar luzeari jarraituz, gerraren kontrako apustua egin izan du beti. Gure herritik kanpora gerra egitera joateari uko egin diogu. Eta euskal herritar boluntarioek gerraren hautua egin dutenean, beste irtenbiderik ezean izan da. Orain eta beti. Ez digute beste biderik uzten.
Duela hiru urte aukera izan genuen urrats sendoz eta baketsuz gure herria askatzeko bidean aurrera egiteko. Baina ahoa bete bake, etika eta moral dabiltzan horiexek berek gure herriaren eraikuntzaren aurrean *
beren Taifaseko erreinutxoetako aurrekontu, kontzertu ekonomiko eta bestelako interesak hobetsi zituzten.
Eta orain ere ez dute beste buruhausterik. Beren diruak eta haziendak gizentzea, gizarteari zuri-zuri bakearen aldeko konpromiso etikozko erretorika botatzen dioten bitartean.
Okerrago oraindik: orain bake egintza bera ere gerrarako tresna bihurtu nahi dute; gerra eta erasorako tresna ere bihurtu nahi dute herriaren hitza. Ibarretxerentzat, oso denbora gutxian Ardanza txiki baten plantak erakutsi dituen horrexentzat, herriari galde egitea ez da gatazka konpontzeko tresna gorena, herriaren subiranotasunaren ariketa lehena, ez. PNVk herriari galde egitearekin mehatxu egiten du. Nork eta herriaren galdegitea oinarri duen ETAren proposamenari bi urte eta gero oraindik ere erantzun ez dionak!
Herriari galde egitea ere lohitu nahian dabil abertzale, demokrata eta pertsona gisa Euskal Herriak ezagutu duen iruzur politiko handienetakoa den Ibarretxe:
Abertzale gisa iruzur egiten du, euskal herritar ororen izenean mintzatzeko lotsagabea delako, jakinik Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako euskal herritarrak iraintzen dituela.
Demokrata gisa iruzur egiten du, Euskal Herriak bizi duen zanpaketaren aurrean, bere eskubide demokratikoen ukapenaren aurrean begiak ixten dituelako.
Eta pertsona gisa iruzur egiten du, egunero-egunero giza eskubide, moral eta etikaz aritzen denean, ongi asko dakielako bere agindupean dauden poliziek euskal herritarrak bahitu, torturatu, gure herritik kanporatu, atzerriko legedipean eta kartzeletan uzten dituztela; iruzur egiten du pertsona gisa hori guztia isildu egiten duelako; eta Euskal Herriaren alde duten guztia, bizia bera ere ematen ari diren gudariak Euskal Herriaren etsai izendatzen dituelako.
Lotsa horrelako gizon batek bere buruari euskal herritar guztion lehendakari titulua eman izana.
Ibarretxe eta bere ekipoak euskal herritarren nahia bahitu nahi dute Euskal Herria beste hogei urteko autonomia zatikatzailez zigortzeko. Metodoa? Herri-kontsultak konponketarako ezik gatazkarako erabiltzea; kartoi-harrizko parlamentuan eztabaida faltsuak egitea; ETArekin amaitzeko euskal gizartea guardia zibilarekin kolaboratzen jartzen saiatzea (Josu Jon Imaz ere Fraga, Roson, Martin Villa, Barrionuevo, Corcuera, Belloch eta Mayor Oreja bezala domuit vas- cones); euskal herritarrak torturatzaileen eskutan uztearen aldeko bozka emanez Europako Parlamentuan (Watson legea); PP eta PNVren arteko enfrentamenduaren antzerkiaz euskal gizartea lokartzea.
Antzerki horren baitan, inoizko etsairik handienak omen diren PNVk eta PPk bat egiten dute gustura ezker abertzalearen aurka egiteko. Hori al da PNVk eskaintzen digun konfrontazio demokratikoa? Elektrodo, poltsa, bainuontzi, eta beren poliziek pertsona xehatzeko ongi ikasitako metodoen bidez aplikatzen dutena?
Estatu gizon izan zitekeenak, bere aurrekoak bezalaxe, prefektu arduratsu gisa igaro nahi du gure herriaren historiaren liburura. Euskal gudariek egunez egun beren borrokaren bidez idazten eta aberasten duten liburura.
ETA bere indar guztiz ahaleginduko da beste hogei urtez luzatuko den gatazkarik izan ez dadin.
Gerra Espainiak eta Frantziak dakarte gure herrira. Beraiek erabakitzen dute non bizi gaitezkeen, nola bizi gaitezkeen, zer ikas dezakegun, nola eta noiz egin behar dugun lan eta noiz atseden hartu, beraiek erabakitzen dute euskal herritarrek zein gerratan aritu behar duten, zein gerratako konplize izan behar duten.
Ezker abertzaleak eskaintzen dio gaur egun bake alternatiba sendoena Euskal Herriari. Beste indar eta hautu politikoek gaur egungo egoera bere horretan mantendu edota iraganeko formulak beste mozorro batzuekin ezkutatuta errepikatzea baino ez dute eskaintzen.
Euskal Herrira bakea ekartzea da ezker abertzalearen zeregina: Euskal Herria askatzea, gerra besterik ekartzen ez duten horiei arrazoiaren bidea erakutsiz. Eta gure izateko eta bizitzeko moldeetan, beste herriekiko elkartasunean, aurrera egin dezagun lan egitea.
Zeregin zehatzak ditu hartara ezker abertzaleak:
Espainia eta Frantziari aurre egiteko herri jazarpenean parte hartzea eta antolatzea, borroka molde desberdinetarako aukera eta eremu berriak eskainiz.
PNV, EA eta IU buru dituen autonomismo zatikatzaileari aurre egitea, herri eraikuntzan oinarritutako alternatiba zehatzak proposatuz.
Baina ez dira erresistentzia garaiak soilik, Euskal Herriaren askatasunaren alde dauden ehunka milaka herritarrok:
Orain arteko bidean egin ditugun hutsei erreparatuz, Euskal Herriaren alde dauden antolakundeen bidez herri eraikuntzan lan egin behar dugu, Euskal Herriaren orubean zutoin berriak ezarriz.
Euskal Herria eta mundu mailan gizarte justu baten alde lan egin behar dugu, elkartasuna egi bihurtuz.
Ezker abertzaleak, bere borrokaren bidez erakutsi du urte guztiotan litekeena dela Euskal Herria baino boteretsuago diren etsaiei aurre egitea. Are gehiago, erakutsi du litekeena dela etsaiei aurre egitea eta hein berean herria eraikitzea, eskoletatik lantegietaraino ezker abertzaleko kidegoak sistema zanpatzailearen aurrean eutsi egin du eta munduan zehar eredugarri den borroka eta eraikuntza alternatiboa sortu du.
Badago zer eztabaidatu, baina batez ere eztabaida eraginkorra egin behar dugu. Ezker abertzalearen altxorra bere kidegoan dago, eta ezker abertzalean badago aski indar eta grina gure herria askatzeko.
Horixe da Euskadi Ta Askatasuna osatzen dugun burkide guztion konpromisoa, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde borroka egitea.
Euskal Herrian, 2001eko urrian
Euskadi Ta Askatasuna
ETAk hamaika ekintza hartu ditu bere gain
GARA | DONOSTIA
Euskadi Ta Askatasunak hamaika ekintza armatu hartu ditu bere gain. Hona, hitzez hitz, bere aldarrikapen agirian dioena.
«ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez bere gain hartzen ditu azken hilabeteetan egindako honako ekintzok:
* Uztailaren 25ean, Lekunberrin Caja Navarraren egoitzaren aurka lehergailuz eginiko ekintza. Kalte materialak eragin zituen.
* Uztailaren 26an, Malagako aireportuan (Espainia) Espainiaren interes ekonomiko eta turistikoen aurka auto batean ezarritako lehergailuz prestatutako ekintza. Lehergailuak ez zuen eztanda egin.
* Abuztuaren 3an, La Roda-Albaceten (Espainia), Madril eta Alacant arteko trenbidean lehergailuz eginiko sabotaje ekintza, kalte material eta ekonomikoak eraginez.
* Abuztuaren 15ean, Ciudad Real inguruan (Espainia), Madril eta Sevilla arteko AVE trenbidean lehergailuz eginiko sabotaje ekintza, kalte material eta ekonomikoak eraginez.
* Abuztuaren 16an, Donostian Askatasunaren Hiribidean dagoen Banco Guipuzcoanoren egoitzaren aurka lehergailuz eginiko ekintza. Kalte materialak eragin zituen.
* Abuztuaren 16an, Donostiako Zubieta kalean dagoen Banco Guipuzcoanoren egoi- tzaren aurka lehergailuz eginiko ekintza. Kalte materialak eragin zituen.
* Abuztuaren 18an, Salouko (Katalunia) Cala Font hotelaren aurrean auto batean ezarritako lehergailuz egindako Espainiaren interes ekonomiko eta turistikoen aurkako ekintza. Leherketak kalte materialak eragin zituen.
* Abuztuaren 27an, Madrilgo (Espainia) Barajas aireportuan Espainiaren interes ekonomiko eta turistikoen aurkako ekintza. Auto batean ezarritako lehergailuaren eztandak kalte materialak eragin zituen.
* Irailaren 28an, Lakuntzan, Euskal Herrian kokatua dagoen droga-trafiko sarearen begi garrantzitsua zen Universal dantzalekuaren lehergailu bidezko suntsiketa. Ekintza hau iaz Itziarko Txitxarro dantzalekuaren aurkakoaren kanpaina berean kokatzen da.
* Urriaren 1ean, Gasteizen, Espainiako Justizia aparatuaren aurkako ekintza, Justizia Jauregian lehergailuz betetako auto batekin kalte materialak eraginez.
* Urriaren 12an, Madrilen (Espainia) Telefonicaren egoitzaren aurka lehergailuz betetako autoz prestatuta zegoen ekintza ez zen behar bezala burutu. Polizia zerbitzuek, arduragabeki, autoa zegoen lekutik eraman eta beste leku batean zartatu zen, kalte materialak eraginez. Ekintza horren ondorioen ardura osoa Espainiako Gobernuarena da».
![]() |